Aupa Eneko, barkatu nik ere tonua gehiegi igo badut. Emotikoia ikusi arren,
"deja vu" hori "badator hau betiko matraka berarekin" esan izan bazenu
bezala sentitu dut, eta nire sentsazioa da lehen mailako gaia dela hau,
baina futbolarekin oro har dagoen identifikazio sentimenduari esker ihes
egiten zaiola gaiari.

> 1 -  Errespetuz diotsut, baina obsesionatuta ikusten zaitut futbolaren
gaiarekin.

Ez, ez nago obsesionatuta, baina oso kezkatuta bai. Gertatzen dena da,
beste gai eta alor batzuetan zorrotz eta inplakablea den jendeak,
futbolarekin "beste alde batera" begiratzen duela iruditzen zaidala.
Futbolarekin gertatzen diren kontu berak beste edozein alorretan
onartezinak eta salatuak dira, eta inor ez da agertzen horiek defendatu eta
erlatibizatzera, beraz, ez dago eztabaidarik, onartu eta kitto. Baina
futbolean gauza horiek salatuz gero, beti dago jendea edo defendatu edo
erlatibizatu nahian, zama arindu nahian. Eta ez nago hori onartzeko prest.
Futboleko iruzurra, inpunitatea, defenda ezinezkoak diren diru-laguntzak,
faborezko tratu sistematikoa,... gauzak horiek salatzen direnean
asaldagarria iruditzen zait beste alor batzuetakoak parean jarri nahi
izatea. Zer adierazi nahi da horrekin? Onargarriagoak dira horregatik? Nik
benetan uste dut futbolak tratu berezia duela, iruzurgileen artean ere
klaseak daudela, eta futbolak lehenetasunezko tratua duela, eta beste inori
onartzen ez zaizkionak onartzen zaizkiola. Baina hala ez balitz ere, beste
iruzurgileen moduan tratatuko balitz ere, futbolaren iruzurra salatzen
dugunean beste alor batzuetakoak mahairatzeak ez du bere zama arintzen,
kontrara, nire begietara oraindik okerrago egiten du, kontu horietan
erantzunkizunik ez duen jendea ere "kapote" bat bota nahian dabilen itxura
ematen baitu.

> Zu zeuk diozu* "nik eskatu gabe, behin eta berriz sartzen delako nire
bizitzan."*  Gauza batekin edo beste batekin, guztioi gerta ahal zaiguna
da, baina ez da ona nire ustez. Nondik zetorren mezu-haria ikusita, apur
bat lekutik kanpo iruditu zitzaidan zure erantzun-mezua. Horregatik
txantxetako "-1" eta emotikoia. Baina beno nire iritzia da, besterik gabe.
Igoal oker nabil. Barkatu horrela bada.

Azken urteotan, lau aldiz, data hauek hurbildu direnean, lau aldiz
zuzen-zuzenean sartu zaigu Eibar futbol taldea gure jardueretan. Eta beti
kalterako. Kategoriaz igotzeko aukera zuela eta, Untzaga plaza beraien
(zuen?) ospakizuna egiteko "libratu" beharra zegoela, eta Euskal jaiko
karpa tokiz aldatzera behartu gaituzte. Ondorioz, urte osoan prestatutako
jaialdia, ezin izan dugu aurreikusita geneukan plazan (harmailak dituena)
ospatu. Urte osoko prestaketak, ensaioak, atzerritik taldeak ekarri, diruak
lur azpian bilatu, plaza erabiltzeko baimenak garaiz bideratu,,... data
etortzen da, eta azken astean esaten digute futbol partida baten ondoko
ospakizuna dela eta ezin dugula 700 lagun ederki hartzen dituen plaza
erabili, eta horren ordez harmailarik gabeko plazan egin behar dugula.
Imajinatzen
duzue guk dantza ekitaldi bat Ipuruako zelaian egin nahi dugulako mailaz
igotzeko azken partidua Anexoan jokatzea? Ba oraindik okerragoa da, ze
beraiek ez zuten plazan jokatu nahi. Kategoriaz igoz gero ospakizunak
egiteko nahi zuten plaza. Batzuetan plazaz mugitzera behartu gaituzte,
beste batzuetan dantza ekitaldiaren ordutegia aldarazi digute,... Batzuetan
guri tokatu zaigu, eta beste batzuetan Rugbikoei, beraien jarduerak
antolatzeko dirua lortzeko jartzen duten garagardo karpa egun batzuk
lehenago (asteburua!) kendu araziz ospakizuna dela. Eta inork ez diezadala
esan gero Udalak kalte-ordainak ordaindu zituela, ze horrek bai asaldatzen
nauela, denok dirua jartzea futbolaren kapritxo batengatik....

Bai Eneko, futbola, * "nik eskatu gabe, behin eta berriz sartzen delako
nire bizitzan."*  Eta mezu-haria nondik zetorren ikusita, lekutik kanpo
irudituko zitzaizun, baina niri ez, ze hain zuzen ere berriz ere kategoriaz
igotzeko partidak jokatzen ari da Eibar, eta horren ingurukoa zen
mezu-kateari hasiera eman dio mezua. "*Badakit futbola batere axola ez
zaizuela hemengo askori,*" esan digu Josuk, eta horri erantzunez hasi da
eztabaida, ze nik nahiko nuke axolarik ez izatea, baina tamalez axola zait,
eta neure borondatearen kontra Eibarren partida egutegia begiratu behar
izaten dut, handik edo hemendik zipriztintzen gaituelako beti.

Aipatutakoak niri zuzen-zuzenean eragiten didaten kontuak dira, baina
horietatik haratago, futbolak modu askotara eta alor askotan eragiten digu,
modu kaltegarri batean gehienetan. Hasteko ez zait iruditzen futbolak balio
positiboak transmititzen dizkienik ez gazteei eta ezta gizarteari.
Lehiakortasun itsua, arrakastaren eredu desegokia (ikasketak aintzat hartu
gabe 18 urteko mukitsuak idolo, aberats eta eredu bihurtzen dituena),
forofismoren gorazarrea (futbol zelaietako giro izugarriaz hitz egitean
zertaz ari dira, mozkorti irainzale saldoen borregismoaz?), bortzikeria
berbal eta fisikoarekiko permisibitatea, misoginia iraingarria (beste
edozein eremutan onartezina litzatekeena),...

Futbolaren sistema mutil gazte gehienak kiroletik eta aisialdeko beste
edozein jardueratik kanpo uzten ari da. Nik beti entzun dut eskolako
atarietan droga oparitzen zutela gameluek, umeak zaletzeko. Baina suerte
txarra izango nuen, ze nire parean inoiz ez dira tokatu droga-mezenas-ak.
Niri eta nire seme-alabei futboleko albumak eta kromoak oparitu dizkigute.
Ikastolara futbolari batzuk eraman eta umeei futboleko kamiseta eramateko
eskatzen diete. Mutilak, ume umetatik, sistematikoki futbolera bideratzen
ditugu. Baina futbolaren sistemak ez dauka interesik gazte kirolzale eta
osasuntsuak sortzen laguntzeko. Bere interes bakarra lehen taldean jokatuko
duten futbolariak lortzea da. Eta umeari, horretara ez dela iritsiko
antzematen dioten une berean ostikoa ematen diote eta kalera. Futbolak
esklusibitatea eskatzen dien gaztetxoei. Gure dantza taldean urtero urtero
11-12 urtera hurbiltzen diren mutil apurrek utzi egiten dute dantza
esklusiboki futbolera dedikatzeko. Handik 2-3 urtera %99,9a futboletik
"bota" egiten dute, eta askok eta askok ez dute inoiz beste kirol
jarduerarik egiten, ezta inolako aisialdiko jardueratan parte hartzen ere.

Futbolaren "inperioa" mutil gazteekin eragiten ari den triskantza hori oso
ongi ezagutzen dute beste kirol guztiek. Gipuzkoako Diputazioak azken 4-5
urteetan futbolaren munduarekin izan duen "gerra" da horren ondorioa.
Diputazioa Jaurlaritzak ezarritako legea aplikatzen ahalegindu da, gazteek
kirol desberdinak probatu eta gehiegizko konpetibitatea ahalik eta
beranduen ezarriz. Baina aurrez aurre izan ditu futbol klubak, federazioa,
Diario Vasco eta... futbolaren zaletuen mundua. Iruzurrarekin bezala,
kirolaren sustapen eredu desegokiarekin futbolaren zaletuek "beste aldera"
begiratu dute, eta horren kalteak gizarte osoarentzat dira.

Nire lehen mezura itzuliz, argi utzi nahi dut benetan sentitzen dudala
esandakoa, ez dela purrustada soil bat. Futbolak duen gehiegizko indarrak
kalte izugarria egiten dio gizarte honi. Kirol bezala oso joko osasuntsu
eta entretenigarria izango da, baina gizartean daukan posizio hegemonikoak,
eta hartu duen lehiakortasun itsu eta forofismo mailak kalte larriak
eragiten ari da. Noski horrek ez duela zerikusirik lagun arteko partida edo
hondartzako gozatuekin. Ez, sistemaz ari naiz, batere onuragarria ez den
sistema hegemoniko eta anker batetaz. Nik uste dut badela garaia
futbolzaleek salaketei indarra kentzen ibiltzeari utzi, albo batera
begiratzeari utzi eta benetan gertatzen ari denaren kritika egiteko. Beste
alorretako bidegabekeriak apuntatzen edo ostrukarena egiten ibiltzeak ez du
ezkutatuko gertatzen ari dena. Eta tristea da. Benetan.

oier.
_______________________________________________
Harpidetza eteteko, bidali mezua hona:   [email protected]
izenburuan jarriz 'unsubscribe' (horixe bakarrik, komatxo barik)

Ondoren konfirmazio mezua jasoko duzu harpidetza-etetea berresteko.

Reply via email to