Berba egiten duten zozoak direla eta, gure izeko Manoli zenak (1917an jaioa) esan ohi zuen gure jaiotetxetik entzuten zela Hermanoek (La Salleko fraideek) hezitako zozo batek nola "jotzen" zuen Saninaxioren martxa (gaur 31 etorri zait burura kontu hori).
Berrehun bat metro zeuden gure etxetik Hermanoen etxe / kolegiora (gaur egun Zarauzko Villa Manuela edo Photomuseum deitua) eta sinesgarri egiten zait entzun, entzun zitekeela zozo bezatuaren kantua; ez zait, ordea, sinesgarria egiten zozoak martxa jotzea. Seguru asko beste eginkizun hoberik ez zuen hermanoren batek erakutsiko zizkion zozoari hiruzpalau nota txistukatzen, behin eta berriz errepikatuz martxaren hasiera (*I-na-xio!*), eta horixe izango zen guztia (eta ez da gutxi hegazti bati lau nota irakastea!). Gainerakoa, herritarren irudimenak eta animaliak egiteko gai diren "mirariak" miretsi nahi duten jendeak zabaldutako kondairak (hori nire ustea da, ez beste). Zozo jesuitiko horrez gain entzun izan ditut hitz egiteko gaitasuna zuten mika eta beleen kontuak (egia esan, belearen familiako hegaztiak gauza harrigarriak egiteko gai dira, ez pentsa!), baina jasotako bitxikeriarik politena Nafarroa aldetik bildutako perla hau izan da (ipuin gisa moldatutako irakurgai bat da): Bele zuhurra eta bele ausarta Zozomikoteen garaian izango zen, inola ere, martxoaren amaieran edo, neguak azken hotzak eta eguraldi txarrak urtero erregalu ekartzen dituen egun horietako batean. Izan ere, garai horretan, gutxi gorabehera, joaten dira behorrak mendiko larreetara udaberri goiztiarraren eguraldi goxoek engainatuta, eta gero izaten dira kontuak eta komeriak. Garai gogorra izaten da hori abereentzat. Gutxien uste denean neguak azkeneko astinduak eman ohi ditu, eta mendian babesik gabe dauden ardiak edo behorrak elurrak ekarritako ezinarekin edo izotzaren belztasunak harrapatuta akabatu egiten dira. Munduan beste asko bezala ba omen zen, behin batean, mendira abiatu zen behor bat. Eguna hotza zen, baina etxean ondo janda abiatu zen, dirudienez, eta mendira iritsi zenean lasai-lasai etzan zen larrearen erdian. Bele bat hurbildu zitzaion. Etzanda ikusita (behorrak ez dira sarri etzaten), pentsatu zuen: "Martxo zitalak akabatu din behor gaixoa". Baina ez zen ausartu behorrari mokoka egiten. Bele zuhurra zen, lehendik ere gauza ugari ikusi eta ikasitakoa. Handik pixka batera gure bele zuhurrari beste bat etorri zitzaion albora. –Proaa! Proaa! –esan zion bele zuhurrak etorri berriari, horrela baita beleen karranka-hotsa. Bele zuhurrak, lehendik begira zegoenak, probatzeko esan nahi zion etorri berriari. Honek bazuen joateko grina eta ez zuen askoren beharrik abiatzeko, azken bultzadatxoren bat besterik ez. –Hil dun! Hil dun! –egin zuen karranka lehenengo beleak, hegazti horiek karranka egiteko era bat baino gehiago baitute. Bigarren beleak entzun zuenean behorra hilda zegoela, han joan zen txistu batean, eta ipurdiko zuloan mokoka hasi zitzaion behorrari, beleek ohitura duten eran. Begiak eta ipurdiko zuloa maite dituzte beleek akabatutako animalien gorpuei mokoka ekiteko. Behorrak sumatu zuenean mokoka ari zitzaizkiola, itxi zuen indarrez ipurdiko zuloa, eta zutitu egin zen. Bele ausartari burua behorraren ipurdiaren barruan geratu zitzaion eta hegoak zalapartada batean astindu zituen, lepoa estutua eta arnasa hartu ezinean hilzorian. Lehenengo beleak hura ikusi zuenean, zegoen lekutik altxa eta hegan ihesi joan zen. –Jan-tzak heuk! Jan-tzak heuk! –egin zuen karranka–. Nik ez nahi! Nik ez nahi! Nafarroako beleek orduan hasi omen ziren euskaraz hitz egiten. Nafarroan kontatzen da (zen) aurreko ipuina. Hegaztien portaera ezagutzen duen norbaitek asmatua da, zalantzarik gabe. Begiak, sudur-zuloak, uzkia… dira animalia baten atalik samurrenak akabatu ondoren, eta horietan saiatzen dira hegazti sarraskijaleak. Beleek ateratzen dituzten hots eta karranken onomatopeia antzekoak dira Proa!, Hil dun! Jan-tzak!, hizkuntzarekin jolas eginez, eta beleek euskara ezagutzen dutela dioen kondaira baliatuz josten ditu ipuinak kontakizunaren haria. Tira, horixe gaurkoz nire berriketa. Beste bat arte. Txiliku. Tarteko eibartar sentitzen den zarauztar bat. Hau idatzi du Asier Sarasua ([email protected]) erabiltzaileak (2024 uzt. 27(a), lr. (14:10)): > > > Hau idatzi du Oier Gorosabel Larrañaga ([email protected]) > erabiltzaileak (2024 uzt. 26(a), or. (14:30)): > >> Blogian erantzuteko egon nok, Asier Sarasua, baiña batetik emaillezko >> erantzun-abisuak oso fin ez dabizela (neuri etxataaz allegatzen behintzat), >> eta bestetik hau zerrendiau be pixkat erabiltziarren, honaxe botako deuat >> amua. >> > > bai, neuk be ez juat jakinarazpenik jasotzen... > abixau najetsan Arrateko amari... ia! > > Badakik Eusebio Maria Azkue lekittarran gauzekin nabillela azkenaldixan. >> https://eu.wikipedia.org/wiki/Eusebio_Maria_Azkue Hain zuzen be, >> wikipediako artikulua osatzen, Eusebio Erkiagak haren gaiñian kontautako >> gauza kurioso honekin egin juat tope: >> >> *Zozo eder bat eukan kaiolan Mundakan, eta zozo orreri, euskal berbak be >> irakatsi eutsazan. An ezezik, emen bere, (Lekeition) izan eban nunbait zozo >> eder ori, emengo esaeran sarri entzuna dogunak dirausku-ta: “Azkueneko >> atetan zozoa dabil kantetan...” Zozo orrek zer ete ziñoan? Auxe: “Azkueren >> zozoa naz ni. Uuuuurra pepito”* >> >> Zer arraixo dok hau? 🙂 Nere inguruko basarrittarreri galdetuta, esan >> jestek ez dabela sekula entzun zozuak berba egin leikienik. Zuenian be, >> https://txoriak.eus/txoriak/zozo-arrunta etxuat halakorik irakortzen >> noski. Erkiagak ez zeban E. M. Azkue ezagutu, bai ostera Resurreccion haren >> semia (9 urte zittuana, aitta hil jakonian). Horrenbestez, neri ahorik aho >> pasautako anekdota politta begittantzen jatak, baiña 3-4 belaunaldittan >> modu grotesko xamarrian deformau dana, zozuari berba eragin arte. Halan be, >> "uuuuurrrra pepito" horri bai hartzen jetsat, egi-antzeko trazia; igual >> txorixan soiñuan imitaziñua edo? >> >> Zer deritxok? >> > > Ez, neuk be ez juat sekula entzun holakorik, zozuak berba egin leikienik. > Seguru ezetz. > Hik esandakua izan leikek: zozuan kantua hartu eta hortik transkribitzia > "uuuuurra pepito" moduko bat. > > Holakuak normalak izan dittuk euskeraz (eta munduko edozein hizkuntzatan). > Nabarmenena galeperra da, toki askotan "pospolina" deitzen jakok, bere > kantuak horixe "diñualako": pox-po-lin, pox-po-lin, pox-po-lin. > > Beste aukera bat dok kaixolako ha arabazozua izatia eta ez zozua. > Arabazozuak bai dittuk soinu-imitatzailiak. Beste txori batzuen kantuak > zoragarri imitatzen jittuek, eta sarri. Kotxien alarmak eta argazki-kamaren > klikak be imitatzen jittuek. > Sekula ez juat entzun "berba" eitten dabenik (kaixolan sartu eta gizakixak > berbak erakusteko aukerarik dagonik), baina zozo batek baina errezago > egingo leukek arabazozo batek, hori seguru. > Dana dala, testuan "zozua" aittatzen bajuek, eta kaixolan zekela, ez juat > uste arabazozua izango zanik. > > a. > > > > > >> -- >> **** >> Oier GOROSABEL LARRAÑAGA >> >> >> ________________ >> Mezu gehiago ez jasotzeko, idatzi hona: [email protected] >> > > ________________ > Mezu gehiago ez jasotzeko, idatzi hona: [email protected] >
________________ Mezu gehiago ez jasotzeko, idatzi hona: [email protected]
