Mogel Guraso Elkartetik zabaldu dugun gutun hau konpartitu nahi dut zuekin. Edozein zalantza izanez gero galdetu lasai eta saiatuko gara argitzen (guraso bat baino gehiago baikaude zerrendan).
*Euskal eskola publiko orekatua eta kalitatezkoa* Eibarko ikastetxe publikoetako Bigarren Hezkuntzako (DBH, 12-16 urte) ikasle guztiak zentro bakar batean batu nahi ditu Jaurlaritzak. 700 ikasle eta kurtso bakoitzean 8 gela izango dituen ikastetxe erraldoi bakar bat, 4 kurtso egiteko 3 eraikin pasatzera behartuz ikasleak. Datorren apirilaren 21ean hartu nahi dute erabakia. Eibarko Eskola Mapa berritzea omen da helburua, baina Jaurlaritzaren proposamenak ez du mapa aldatzen. Haur Hezkuntza (HH) eta Lehen Hezkuntza (LH) zentroen artean dauden desorekak onargarriak ez direla aitortzen dugun arren, ez da neurri bakarra ere planteatu LH-ko bost zentroen egoera hobetzeko. Bigarren hezkuntzako bi zentroak —espazialki oso urrun dauden bi zentroak— bakar batean batzea, horixe da planeko lerro bakarra. Oinarritik hasi beharrean, etxea sabaitik egiten hasi nahi da. Legeak dio eskola-mapa berritzeko prozesua adostasunez eta demokratikoki egin behar dela, baina Eibarren presaka eta adostasunik gabe egin nahi da. Zaila iruditzen zaigu sinestea, Eibarren hezkuntzan ditugun arazo ugari eta anitzen irtenbide bakartzat, DBHko ikastetxeak elkartzea denik. Ez da beste aukerarik eskaintzen, ez beste inolako zalantza edo biderik proposatzen. Eibarren ikastetxe publikoen sare sendo eta kalitatezkoa izan dezagun, lehenengo urratsa lan-talde zabala osatzea izan beharko litzateke, hezkuntzako eragile guztion parte-hartzearekin adostasuna aurkitzeko. Eskatzen dugu, diagnostiko oso eta sendo bat egin dadila Eibarren hezkuntzak duen egoeraz, premiez, eta erronkez. Hori izan behar da edozein irtenbide proposatzeko lehenengo urratsa. Badirudi, hezkuntzako profesional gutxik babestuko luketela DBHrako (etapa zail eta gatazkatsu honetarako) horrelako egitura erraldoi bat. Guraso bezala, pentsatzen dugu, heziketa eta kalitate argudioak lehenetsi beharko genituzkeela edozein aldaketa egiten hasi aurretik. *Mogel Isasi BHI Ikastetxeko guraso elkarteaJ.A. Mogel Ikastola HLHI-ko guraso elkartea* (Sansaburu, Argatxa, Iturburu eta Mogel Isasi ikastetxeetako guraso elkarteak) https://mogelge.com/2016/04/09/euskal-eskola-publiko-orekatua-eta-kalitatezkoa/ -- ____________________________________________ Oier Araolaza Arrieta - [email protected]
_______________________________________________ Harpidetza eteteko, bidali mezua hona: [email protected] izenburuan jarriz 'unsubscribe' (horixe bakarrik, komatxo barik) Ondoren konfirmazio mezua jasoko duzu harpidetza-etetea berresteko.
